Gutaz

Agentzian markagintza eta publizitatea ditugu langai. Kanpoan, eraldaketa soziala eragiten lagundu nahi diegu bezeroei.

2000. urtetik dihardugu enpresa eta erakunde ugarirekin elkarlanean, estrategia eta sorkuntza zerbitzu profesionalak eskaintzen aldaketa soziala bilatzen duten proiektuak eraginkortasunez komunikatzeko: hizkuntza eta kultura aberastasuna, tokiko enpresa eta bidezko lan-harremanak, konfiantzazko elikadura eta ingurumenaren zaintza, andre-gizonen parekotasuna eta gazteen heziketa…

Pertsona ekintzaile, baikor eta arduratsuekin lan egitea dugu gogoko, geu ere jarrera eta jokabide horrekin lan egiten saiatzen garelako.

qodef-theam-image
Gorka Barruetabeña Iturriaga
Zuzendaritza

Enpresa-ekintzailetzari ekin eta di-da Koop sortu aurretik, hainbat proiektutan lan egin nuen: Durangoko Azoka, Euskara Elkarteen Topagunea, Anboto Komunikabideak, Plateruena Kafe Antzokia... Esperientziotan erakundeen komunikazio estrategikoaren garrantziaz jabetu nintzen. Aditua baino, aritua naiz. Tartean, Soziolinguistika Ikastaro Aurreratua (UEU) eta Kooperatiba Enpresen Kudeaketarako Ikastaro Aurreratua (MU) egin nituen. Azken urteotan enpresa eta erakunde ugariren marka aholkulari dihardut. Ekintzailetasunak eta ikuspegi estrategikoak bat behar dutela deritzot.

qodef-theam-image
Gotzon Garaizabal Pildain
Arte Zuzendaritza

Okerreko ikasketek metalografia laborategi batean lan egitera eraman ninduten, eta bertan aurkitu nuen nire formula: Ais2dE = Ateak Ireki X Sortu + Bidea Egin. Argazki denda ireki, begiradan sakondu eta irrikak diseinu grafikora eraman ninduen. Ohartzerako di-da sortu genuen, hainbat kanpainarekin hasita markagintzara jauzia eginez. Bezero eta lankideengandik ikasiz eta komunikazio estrategia lagun, egoera berriei begiratu eta formula berriak bilatuz noa. Eta artean, artea: interpretazio librerako ate nagusia, sorkuntza iturri agortezina, 2d1 proiektu artistikoa elikatzera behartzen nauena.

qodef-theam-image
Maialen Odriozola Martija
Komunikazio aholkularitza

Komunikatzaile, ikertzaile eta irakurle aseezina naiz. Euskal Herriko Unibertsitatean eta Universitat Autónoma de Barcelonan egin nituen Kazetaritza ikasketak. Ondoren, sareko komunikaziora bideratu ditut nire gogoak, eta geroztik jomugan izan ditut programazioaren, eduki multimedien eta interneteko komunitateen inguruko gaiak. Airean dabiltzan ideiak lurreratu eta hitzekin forma ematea da nire egitekoa. Eta ekipo onena dut alboan, hitzak sistema binario bihurtu, diseinu aproposenekin jantzi eta denon artean aipatutako ideia hegalariei izaera osoa emateko 🙂

qodef-theam-image
Ioar Oteiza Goienetxe
Lanen Koordinazioa

Txikia nintzenean oinez ikasi aurretik hasi nintzen hizketan. Agian horiek izan ziren komunikatzaile izateko lehen pausuak, baina oraindik ez nekien. Ekonomian lizentziatu (EHU) nintzen eta ondoren Komunikazio Zuzendaritza eta Publizitate Gestioan (ESIC) masterra egin nuen. Orduz geroztik komunikazioaren munduan eta mundutik nabil bueltaka, ikasten eta gozatzen. Besteen proiektuak niregatu eta nere aletxoa uzten saiatzen naiz. Ordenagailua itzaltzerakoan, trikitixaren hauspoa astintzea dut gustoko eta mendi eta itsaso bazterretatik korrika aurkitzen dut inspirazioa.

qodef-theam-image
Igor Elortza Aranoa
Sorkuntza Estrategiak

Injinerutza Teknikoa Topografian (EHU) titulua atera nuen aspaldi. Oraintsuago, Enpresa eta Erakundeen Komunikazio Zuzendaritza masterra (UAB) eta Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa (MU). Oso gaztetatik dihardut sorkuntzan: bertsogintza, kantagintza, artikulugintza, antzerki eta telebista gidoigintza... Kreatibo moduan hasi nintzen markagintza eta publizitate arloan ere, komunikazio estrategiak lantzen hasi aurretik. Hainbat kultur erakundetako zuzendaritzatan ere egon naiz. Ahalik eta gehien gozatzen saiatzen naiz beti, horrela ikasi eta hobetu dudalako orain arte.

qodef-theam-image
Irantzu Larrea Tena
Diseinugintza Grafikoa

Pubilizitatea eta Harreman Publikoak (EHU) lizentziatura atera nuen. Ikasle garai hartan deskubritu nuen diseinugintza grafikoa eta horrexetan dihardut geroztik. Izan ere, betidanik uste izan dut gustuko dugun lanean aritzen saiatu behar dugula. Eta lanean daramatzadan urte hauek zuzen nengoela erakutsi didate. Urte askoan agentzia handi batean jardun nuen, eta gaur egun ere gustura jarraitzen dut diseinugintzan, ilusionatu egiten nauten proiektuak garatzen laguntzeko modua eta egunero zerbait berria ikasteko aukera ematen didan lana egiten dudalako.

qodef-theam-image
Maite Elias Uria
Diseinugintza Grafikoa

Publizitatea eta Harreman Publikoetan (EHU) lizentziatua naiz. Unibertsitateko lehen urtean nenbilela, diseinu grafikoko kurtso batean izena eman nuen. Hortxe aurkitu nuen nire afizioa, eta ondoren ofizio bihurtu nuen. Urteotan zehar agentzia handietan, estudio txikietan eta freelance bezala lan egin izan dut, eta di-dan euskaraz eta bertako proiektuak lantzen dut nire lekua. Gauza sinpleak eta deitaile txikiak ditut gustuko. Diseinuaren, dekorazioaren eta modaren jarraitzaile naiz, eta tarteren bat dudan bakoitzean itsasora gerturatzen naiz, olatu artean bueltaka bidaiak amestuz.

qodef-theam-image
Julen Larruskain Oiaga
Internet eta Sormen Digitala

Obaban bizi naizen donostiarra naiz. Frikismoak aspaldi burusoil utzi ninduen arren, ideiak buruan dabilzkit joan-etorrian. Arte ederrak ikasi nituen bere garaian, eta geroztik komunikazioan eta diseinugintzan aritu naiz; batez ere, markagintza digitalen eta interneteko teknologiatan naiz aditua. Sorkuntzak apasionatzen nau, rockak eta zinemak bezala. Dena ikasi gose naiz, eta borrokan aritzen naiz beti ordenagailu, aplikazio eta kodearekin. Nire lan-erremintak zeroak eta batak diren arren, baina, izaki organikoa naiz: musikarik gabe ezin dut lan egin eta natura maite dut, itsasoa, batez ere.

qodef-theam-image
Mikel Askasibar Bizkarralegorra
Kanpainen Garapena eta Ekoizpena

Elorrion jaiotako gaztea naiz. Txikitatik marraztea eta sortzea izan dira nire denbora-pasak, eta nire ikasketak horretan oinarritu ditut: lehenik, Diseinu Editoriala ikasi nuen Donostian; ondoren, Marketing eta Merkataritza, eta Publizitate Grafikoa Bilbon. Beti ibili naiz herrigintzan, eta horrek ere egin du gaur egun naizena. Bidaiatzea gustuko dut eta futbola nire pasioetako bat da: entrenatzaile ikasketak egiten ari naiz orain. Edozelan ere, niretzat inportanteena taldean lan egitea da. Norbanakoa lan-taldeko parte garrantzitsu izatea eta elkarrekin helburuak lortzea: horixe da funtzeskoa.

qodef-theam-image
Peru Arrasate Iriarte
Lanen Koordinazioa

Kazetaria. Formazioz (EHU) eta izaeraz. Telebistan egin nituen lan munduko lehen pausuak. Orain Di-dan, markagintza eta komunikazioan murgiltzen naiz goizero. Ez da beti amesten duzun lekuan lan egiteko aukera izaten eta horrek hobetzen jarraitzeko motibatzen nau.Inguratzen nauen taldea da nire euskarria. Ahal dudan lekuan laguntzen eta ikusten dudan guztia entzuten. Buruan sortzen zaizkidan galderak mendian erantzuten saiatzen naiz. Zuen eskaerak entzuteko irrikaz…P.D. Gustoko telesaia iragarkietara doanean, ez dut kanala aldatzen.

qodef-theam-image
Ismene Narbaiza Llaguno
Administrazioa

Txikitatik bizi izan dut gertutik familia-enpresen mundua eta argi eduki dut nirea ere bide horretatik eraman nahi nuela, horregatik, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritza ikasketak (EHU) egin nituen. Unibertsitatea bukatu nuenetik leku desberdinetan aritu izan naiz lanean, hizkuntzak ikasi eta jorratzen nituen bitartean. Gustuko dudan lan bat izanik, arlo eta gai desberdinetan aritzeko aukera ematen dit, egunero zerbait berria ikasiz eta dakidana praktikan jarriz. Baina nola ez, beti ateratzen dut tartetxo bat nire jendearekin egon eta hauekin ondo pasatzeko.

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR