dagigun! jarrera bat da. Ezeren zain ez dagoenarena, beste inori eskatzen ez dionarena, inon besoak gurutzatuta gelditzen ez denarena. Egin nahi duela ziur egonik, egin dezagun dionarena: dagigun.
Jarrera horrekin etorri zitzaizkigun Durangoko Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako kideak. Geuk ere geure buruari dagigun! esan, beraz, eta egin genuen: komunikazio estrategiaren oinarriak ipini genituen, marka nortasuna sortu, jantziak diseinatu eta komunikazio kanpainaren euskarri grafikoak egin genituen.
Ikastolak erakunde marka Durangaldean indartzea jarri genuen komunikazio helburu nagusi moduan, hau da, komunikazio korporatiboa: “ikasle euskaldun, jantzi eta konpetetenteak prestatzen jarraitzea, euskararen eta Euskal Herriaren etorkizuna bermatzeko ardatz nagusi moduan”. Barne komunikazioari dagokionez, Ibilaldiak berezko duen auzolaneko antolaketa ereduaz gainera, jai ereduaren inguruko parte-hartze prozesua ere jarri zen martxan Kurutziaga eta Ibaizabal ikastoletako kideen artean. Komunikazio komertzialari dagokionez, azkenik, Euskal Herri osoko euskaltzaleei luzatu genien Durangora joateko deia.
Ikurra bi gezirekin egin genuen, aktibazioa eta aurrera egitea iradokiz eta bi D ere irudikatuz: Durango eta Dagigun. Marka nortasuna osatzeko kolore askotako konbinazioak gehitu genizkion ikurrari.
2016/09/22
Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolak