Silam Iberiar Penintsulako marka liderra eta Europar Batasuneko erreferentea da HTV silikonaren transformazioan. 50 urtetik gorako historia dauka, bi ekoizpen planta, Tech Center propioa, aliantza estrategikoa mundu mailako Wacker Chemie AG fabrikatzailearekin, eta merkatu eta esportazio kuota nabarmenak. Azken hiru urteetan hazi egin da eta Dicoinsa markaren gehitzearekin are gehiago sendotu da Silam taldea.
Etapa berri honetan, egungo negozio bideak eta etorkizuneko aukerak indartzeko asmoz, di-da Silamekin batera aritu da bere komunikazio politikaren berrikuntzan lanean, Silamen lider izaerarekin bat doan estrategia globala marraztuz, marka korporatiboa berposizionatuz, marka arkitektura finkatuz eta nortasun bisual berria sortuz.
Horretarako, lehen urratsa marka azterketa egitea izan da. Helburu horrekin Silamen kudeaketaren eta emaitzen inguruan informazioa batu dugu eta talde dinamikak garatu ditugu bi plantetako arduradunekin. Horrez gain, online galdetegien bitartez langileen iritziak ere jaso ditugu. Auditoria honek bere baitan hartu ditu kanpo zein barne komunikazioaren inguruko lanketak. Era berean, azterlan honetatik abiatuta markaren diagnostikoa garatu dugu eta Silam talde osoarentzako estrategia globala zehaztu dugu.
Silicone Solutions Leader
Auditoria hau izan da Silam markaren merkatuko berposizionamenduaren oinarria eta ondorengo kontzeptuei eman die erantzuna: oinarrizko markaren nortasuna, balio eskaintza, xede-taldeak, bisioa, misioa, balio korporatiboak eta sinesgarritasun argudioak. Posizionamendu hau, azkenik, Silicone Solutions Leader claimean laburtu eta trinkotu da. Claim honek parekorik ez duen balio bati egiten dio erreferentzia, lidergotzari. Horrez gain, Silamen balio eskaintzaren produktu-zerbitzu bereizgarriena ere barne hartzen du: zerbitzu pertsonalizatua eta neurrira egindako produktu-berrikuntza sektore ezberdinetako bezero zorrotzen beharrei erantzuteko.
Horrekin batera, marka diskurtsoaren garapenerako indar-ideiekin osatu da marka posizionamendua. Era berean, lehentasunezko xede-taldeak eta komunikazioaren helburu zehatzak finkatu eta hierarkizatu dira, eta horiek erdiesteko ekintza korporatibo, komertzial zein barne mailakoak diseinatu ditugu datozen hiru urteak aurreikusten dituen operazio-plan batean.
Zortzi premisaz osatutako marka nortasuna
Behin marka estrategia bideratuta, marka nortasun bisuala lantzen hasi gara Silamen DNA definitzen duten zortzi kontzeptuetatik abiatuta: lidergotza, taldea, produktu-zerbitzu espezifikoa, kalitatea, dinamismoa, malgutasuna, berrikuntza eta teknologia.
Marka korporatibo nagusi hori hiru azpimarkatan banatzen da, silikona nahasketa zein osagaiak eskaintzen zaizkien sektore ezberdinak kontuan hartuta: Silam Optimized Compounds, Silam Engineering Components y Silam Medical Components.
2018/03/16