Egilea: Joseba Attard | Jatorria: www.joseba.co.uk
Erresuma Batutik Euskal Herrira etorri nintzenean diseinatzaile grafiko lanetan jarraitzeko, gauza batek eman zidan atentzioa: nola aldatzen den liburuen bizkarreko testuaren orientazioa herrialde batetik bestera. Erresuma Batuan (eta AEBn) testua goitik behera idazten da; Europako herrialde gehientsuenetan, aldiz, behetik gora.
Zein da zuzena?
Lagunek barre egiten didate sarritan, ingelesek gauzak “alderantziz” egiten ditugula –okerreko bidetik gidatzen dugu, ur bero eta hotzeko txorrotak okerreko lekuan daude, data idazteko moduak ere harridura sortzen du. Hala ere, honakoan, nire iritziz behintzat, Erresuma Batuko diseinatzaileek asmatu egin dute.
Liburuaren bizkarreko testua goitik behera orientatzeko arrazoietako bat da liburua mahai gainean kokatzen duzunean, bizkarreko testua egoki ikusten dela eta oso erraz irakurtzen dela.
Horren inguruan, esperimentu txiki bat egin nuen etxean. Erresuma Batuan argitaratutako liburu baten bizkarra irakurri nuenean (Young European Graphic Designers – goitik beherako orientazioarekin), ez nuen burua gehiegi makurtu behar izan izenburua irakurtzeko. Alemanian argitaratutako liburu baten bizkarra irakurri nuenean aldiz (Los Logos Compass –behetik gorako orientazioa), askoz gehiago makurtu behar izan nuen burua.
Nire aukera, beraz, goitik beherako orientazioaren alde egitea da. Niri zuzena iruditzen zait, eta ez dut dirurik erabili behar fisioarenean. Baina hemen, Euskal Herrian, libururen bat modu horretan diseinatzen dudanean, lankideek, bezeroek eta inprimategietakoek burutik jota nagoela pentsatzen dute. Zuen iritzia zein den eta zer arrazoi dituzuen jakin nahi nuke. Ba al dago nazioartean onartzen den diseinu-estandarrik?
Share your thoughts
No Comments