Hasi da Korrika, eta gaztelaniaz, “Ha comenzado la Korrika”. Eta filologoz betetako herri honetan, hasi da eztabaida ere, zelan ez!
Guk geuk ere, sarritan, gaztelaniaz hitz egitean halaxe esaten dugulakoan gaude: “Al BBK Live” diogun legez, “A la Korrika” esaten dugu. Ez dakigu artikuluaren atzean zer dagoen zehazki, zergatik batzuetan LA den, eta besteetan EL (la Korrika baina el Ibilaldi(a), el Nafarroa Oinez, el Araba Euskaraz, el Aberri Eguna, la Azoka). Bitxia egiten zaigu.
Gaztelaniaz izenei zergatik jartzen zaie beti artikulua? Baina beti al da? “Al San Mamés” ala “a San Mamés” esaten da?
Post honen lehenengo bertsioa idatzi ondoren, Fondeu (Fundación del Español Urgente) gaztelaniaren erabilerari buruzko zalantzak argitzeko erantzun azkarrak ematen dituen fundazioaren webgunean aurkitu ditugu argibide batzuk: hizkuntza arrotzeko terminoak determinatu egin behar ei dira gaztelaniaz, generoa terminoaren esanahiaren arabera aukeratuz.
Zalantzak, baina, ez zaizkigu guztiz argitu, Korrika gertaera bat baita, euskararen aldeko lasterketa bat, baina baita marka bat ere, erakunde izaera eta agerpena ere baduena. Kasurako, “Coca-cola” marka da: izena. “La coca-cola“, aldiz, produktua: edari freskagarria. Eta marka-izenen erabileran ere adibide kontraesankorrak topatzen ditugu: Mario Fernández “presidente de la BBK” zen baina “presidente de Kutxabank” da, deigarria den bat aipatzeagatik.
Hortaz, zalantzak zalantza eta marka ikuspegitik, ahozkoan zailagoa iruditzen zaigun arren, Korrikaren kanpainan lanean dihardugunez gero, idatzian gaztelaniazko artikulurik gabeko erabilera bultzatu beharko genukeela uste dugu: “Korrika 18 declara que el euskera es clave para la convivencia”, “Edurne Brouard, responsable de Korrika”, “Arranca la 18 edición de Korrika” eta abar hobetsiz.
Zuk zer iritzi daukazu?
Share your thoughts
No Comments