Europa osoan kultur arloan egiten diren azoken artean arrakastatsuenetakoa den Durangoko Azoka mende erdia pasatzera heldu da 2016an. Guk, 50. urteurrenerako landu genuen komunikazio estrategia garatuz eta orduan sorturiko marka nortasun berria indartuz, sorkuntza estrategia eta komunikazio zein publizitate euskarrien ardura izan dugu 51. edizio honetan.
50. urteurrena ospakizun garrantzitsua izan zen, euskal kulturzaleentzat bereziki, eta euskal heritarrentzat oro har. Guretzat, profesionalki, aurreko urteetan egiten hasi ginen lanaren baitan mugarria izanik, gogoz hartu genuen aukera izan zen gertaera handi hura komunikazio ikuspegitik lantzea. Gainera, gure agentziaren balioen artean garrantzitsua da euskal kulturaren komunikazioan eta kultur aniztasunean eragitea. Guztiarekin, buru-belarri jardun genuen iaz istoriogintzan, diskurtsoen erredakzioan zein spot, kuina eta kartel grafikoen sorkuntzan.
Epe ertaineko komunikazio estrategia finkatu genuen joan zen urtean, eta marka nortasun berria aurkeztu zuen Durangoko Azokak: DA!. Izen labur, esanguratsu eta sonoritate handiko marka nortasun hori bihurtu genuen spotak, kartel grafikoak eta gainerako publizitate euskarriak sortzeko ardatz nagusi. Bestetik, Durangoko Azoka adierazpide artistikoen arabera gauzatzen den gune ugarietako bakoitzari izaera bereiztua emateko, hainbat kolore desberdinetan egokitu genuen DA! marka nortasuna.
Aurten, beraz, epe ertaineko komunikazio estrategia ezartzen eta marka nortasuna garatzen jarraitu dugu. Gerediaga Elkartea gidatzen duten arduradunen 2016ko ediziorako argibideak ezagututa, bizipenetan oinarrituriko komunikazio kanpaina sortu dugu iazko sorkuntza estrategiari segida emanez, BIZITZEKOA DA! esloganarekin. Sorkuntza ideia horretatik abiatuta egin dugu publizitate kanpaina, Durangoko Azokarekin loturiko bizipen ugariak batzen dituen kontakizun baten bitartez. Sortzaileek, zaleek, antolatzaileek… haurrek, helduek, gazteek… nik, zuk, guk Durangoko Azokara goazenean bizi ditugun kultur esperientzia zein lagunarteko bizipenak harilkatu ditugu spota, kuinak eta publizitate grafikoa.
2016ko edizio honetan, bestalde, euskal herritar erdaldunei ere Durangoko Azokara etortzeko gonbidapena egin nahi izan die Gerediaga Elkarteak, eta eslogana egokitu dugu publizitate grafikoan: DA! VIDA A LA CULTURA.
Iazko urtean bezala, deneriko euskarritara eroan dugu DA! markaren garapena eta sorkuntza lana: kartela, seinalizazioa, egitaraua, liburuxka, gonbidapenak, etab.