Euskal Sagardoa

Kalitatearen ikurra

 

Jatorri-deitura bat ez da egunero sortzen. Adostasun handia lortu behar da sektorearen baitan, eta elkarlan estua eduki erakundeekin. Noski, bertako eta goi-kalitateko produktua ere ezinbestekoa da. Eta, Euskal Sagardoa jaiotzeko, hiru baldintzak eman dira.

 

di-dan, jakina, gogoz hartu dugu maila honetako proiektu baten komunikazio osoaz arduratzeko aukera.

 

Komunikazio planarekin batera landu ditugu proiektuaren hainbat gako, produktua duintzeko eta kalitate pertzepzioa hobetzeko estrategia, kasu.

 

Klabe horiek gidatu dute marka irudiaren sorkuntza ere. Kalitate eta prestigio parametroak iradoki behar zituen diseinuak. Horrez gain, bere bigarren bereizgarria ere garbi identifikatu behar zuen: bertako sagarra. Hortik dator, sagarra, egurra, lurra eta kirikoketa uztartzen dituen logotipoa.

 

Marka irudia sortzearen atzetik arautu dugu bere nortasun korporatibo guztia: merchandisinga, papergintza, avatarrak eta bestelako euskarri digitalak… Ildo horretatik, bereziki garrantzitsuak izan dira kontsumitzaileak produktua bera identifikatzeko egindako euskarriak: jatorri-deiturara bideratutako sagardoen kupeletarako zigilua edota udaberritik aurrera merkatuan egongo diren zigiludun botilen etiketa.

 

Behin, komunikazio estrategia eta marka sortuta, informazio euskarriak egitea izan da hurrengo pausua. Txotx denboraldian sagardotegietatik milaka sagardozale pasatzen direla baliatu nahi izan dugu Euskal Sagardoaren berri ematen duten triptiko eta kartelak egin, eta jatorri-deitura berria gizarteratzeko. Jatorri-deituraren euskarri digitalak ere momentu berean sortu dira, komunikazio planean garrantzitsutatzat jo baita jatorri-deituraren inguruan sortutako informazio guztia sarean izatea. Ildo horretatik eraiki da www.euskalsagardoa.eus webgunea eta sortu dira Facebook, Twitter eta Instagrameko kontuak.

 

Edozein kanpainaren arrakastaren gakoetako bat barne-komunikazioren eta kanpo-komunikazioaren arteko uztarketa egokia da. Zentzu horretan, sagar eta sagardogileen aurreko aurkezpen pribatua gidatu dugu, markaren eta komunikazio planaren nondik-norakoak proiektuaren parte diren guztiei azaltzeko. Eta horren ondotik, aurkezpen publiko bat ere zuzendu dugu, prentsaurreko bat antolatuz, hedabideen aurrean izendapenaren irudia aurkezteko.

 

Jatorri-deitura berri bat abian da, beraz. Eta, 400 hektarea sagastirekin, izena emandako 35 sagardotegirekin eta zigilura bideratutako 1.320.000 litro sagardorekin hasi du bere ibilbidea. Adi egon, hortaz, bertako sagarrekin egindako kalitatezko sagardoa identifikatzen duen ikurrari.

2017/01/11

Cookien erabilera

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu nabigazioa errazteko eta hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, cookieen erabilera onartzen duzula ulertuko da.

ACEPTAR